XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ipar Euskal Herrirako eztabaidagune posible bat

Bereziki Ipar Euskal Herriko gaiak uki ditzakeen eztabaidagune edo foro bat sortu berri da Interneten, zeharka bada ere.

Frantzian sortu duten Niou=zEn=et Akitaniari buruzko berri-talde edo newsgroup bat sortu du, eta, printzipioz, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kontuak ere sar daitezke bertan.

Niou=zEn=et-eko arauei jarraiki, eskaerarik izango balitz erabiltzaileen aldetik beste gune zehatzago bat sortzeko Euskal Herriaz tratatzeko, hori ere sor liteke.

Joan den astean ireki zen gune hori, eta izan dira mezuren batzuk jada Euskal Herria hartuko lukeen pays-basque izeneko foro bat ere komeniko ote zen edo ez.

Hain zuzen ere, banatu zen lehenbiziko mezuak horixe eskatzen zuen frantsesez biarnesak eta gainerakoak gutxietsi gabe.

Alabaina, lehen mezu horrek izan zuen lehen erantzunak internauta euskaldun batek bidalia, prezeski, Akitaniakoarekin nahikoa izan zitekeela zioen.

Ni ere Eskualduna naiz, bainan Akitania ere maite dut zioen mezugileak euskaraz.

Eztabaida taldea hastapenetan dago, eta ikusi egin beharko da nola garatzen den eztabaida.

Soc.culture.basque taldearen bilakaera gaztelaniaduna ikusirik, Akitaniako honetan euskarak toki askorik izango duenik ere ez dirudi.

Gainerako euskal eztabaidaguneetan ere ez da salbuespen ezagun bat eginda Iparraldeko Internautarik ia inoiz azaltzen, Estatu Batuetara joandakoren bat ez bada (Basque-L zerrendan).

Badirudi Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistiko larriak Interneten ere eragina duela.

Niouze hauen berezitasunak

Akitaniako eztabaida taldera lotzeko, ez duzu zure ohiko zerbitzariaren news-en leihotik egin behar, baizik eta Niou=zEn=et-ekora zuzenean lotu.

Usenet-eko berri-talde edo news-en teknologia erabiltzen du Niozu=zEn=et sareak, baina eztabaida news zerbitzari askotan errepikatu barik, bakoitza toki jakin batean kokatzen da.

Talde honek frantsesezko eztabaidaguneak ugaldu nahi ditu, uste baitute Usenet-eko fr. hierarkian sartzen direnekin ez dagoela nahikoa eskaintzarik.

Dagoeneko 70 bat berri-talde sortu dituzte, sei bat news zerbitzari desberdinetan, batzuk politikaz eztabaidatzeko, besteak loregintzaz...

Foro geografikoen artean, Akitaniakoaz gain, Quebec edo Walloniakoa ere ageri dira.

Ekimen telematiko honek badu alderdi bitxi bat: Interneteko ingelesezko neologismoen hiztegia ortografia frantsestura moldatzen dute.

Hartara, berri-taldeak Niouze-ak dira, amaraunari Ouaibe esaten zaio, eta posta elektronikoari Courriel...

Bestetik, mugimendua irabazi asmorik gabeko ekimen kolektiboa da.

News edo niozue hauetan debekatuak daude iragarki komertzialak, adibidez.

Aldiz, lan eskaintza eta eskaerak jasotzen dira.